Datorren igandean izanen dira europar hauteskundeak, eta Euskal Herriak, eta Europa osoak, asko dute jokoan. Inkestek adierazten dute ultraeskuina inoiz baino indartsuagoa izanen dela Europarlamentuan, abstentzio zabal batek lagunduta. Von Der Leyen andreak, Europako Alderdi Popularreko hautagaiak, dagoeneko adierazi du prest dagoela haiekin akordioak egiteko, eta ezkerretik eskatutako osasun-hesiaren aurka agertu da.
Horren aurrean, oso garrantzitsua da ezkerreko indarrek ordezkaritza indartsua eskuratzea; ultraeskuinaren arrazakeriari aurre egiteko, politika matxista eta LGTBIfobikoei mugak jartzeko, klima aldaketa ukatzen duten diskurtsoei kontra egiteko, edota Palestinan Israel egiten ari den genozidioa salatzeko. Euskal Herriarentzat, gainera, oso garrantzitsua da ordezkaritza propioa izatea Europan, bere etorkizuna erabaki nahi duen nazioa garela argi adierazteko.
Horregatik guztiarengatik, igandean ez geratu etxean. Ultraeskuinari kaleetan aurre egiteaz gain, instituzioetan ere egin behar zaiolako aurre; Euskal Herria nazioa denaren aldarria Europa osoan entzun dezaten.