20 urte pasa da martxoaren 11ko Madrilgo atentatuetatik. 20 urte, Espainiako Gobernuaren gezurretatik. 20 urte, alderdi eta medio gehienek gezur horiek zalantzan jarri ez zutenetik. 20 urte, polizia nazional batek Angel Berrueta erail zuenetik, gezur ofiziala ez onartzeagatik. 20 urte, ertzaintzaren karga baten ondorioz bihotzeko batek jota, Kontxi Sanchiz hiltzen utzi zutenetik, ertzaintzak berak laguntza ukatuta.
20 urteotan gauzak asko aldatu dira. Egun, batzuk saiatuko balira ere, ezingo lukete ETA horrelako gertakarien erantzule egin, 2011an biolentzia armatua utzi eta 2018an desegin baitzen. Egun, inork gutxik jarriko luke zalantzan jihadismoaren erantzukizuna, Europa zabalean egindako bestelako atentatuak ikusita.
Baina, egun, badira hain beste aldatu ez direnak ere. Espainiar eskuinak, eta hein batean EAJk ere, jarraitzen du ETAren biolentzia bere diskurtso politikoaren gako izaten. Egun, Angelek eta Kontxik jarraitzen dute biktima aitortza ofizialik izan gabe. Egun, medioek jarraitzen dute gezurrak zabaltzen, inolako ondoriorik gabe. Egun, ertzaintzak jarraitzen du karga basati eta bortitzak egiten eta sortutako zaurituei laguntza ukatzen.
Beraz, bai; gauza asko aldatu da duela 20 urtetik egundaino, baina gauza askok bere horretan jarraitzen du. Ea 20 urte barru esan dezakegun beste hamaika kontu aldatu dela; beti ere, duela 20 urte gertatutako horretatik aldentzeko.