Autogobernua, ezbaian

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2024ko ots. 26a, 15:41

Martxoak 2 hitzordu garrantzitsu bat dugu Nafarroan autogobernuaren alde gauden guztiok. Hainbat udalek deituta, elkarretaratzea dugu Sarasate pasalekuan, Nafar autogobernuak jasan duen azken erasoa salatzeko. Auzitegi Nagusiak hartutako azken erabakiari  erantzuteko, milaka nafar bilduko gara arratsaldeko 17:30ean; argi adierazteko ez dugula onartuko gure autogobernua murriztea.
 Zoritxarrez, baina ez harriduraz, berriro ere ikusiko dugu nola haien burua foruzaletzat duten asko ez diren elkarretaratzean egonen. Foruak haien ikur hartu zituzten asko orain ez dira gai eraso honen aurka egiteko, espainiar zentralismoa Nafarroaren aurretik jarri dutelako. 
 Bakoitzak jakinen du non kokatu nahi duen bere burua, eta oraindik aukera dute datorren larunbateko deialdiarekin bat egiteko; baina nire ustez lotsagarria da haren burua foruzaletzat duen edozeinek eraso hori onargarri izatea. 
 Jarrerak jarrera, ziur nago anitz izanen garela erasoa salatuko dugunak. Alderdien jarreraren gainetik, nafar gizarteak oso argi duelako foruak eta autogobernua direla gure ongizaterako tresnarik eraginkorrena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!