Inkestak inkesta

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2024ko ots. 12a, 19:05

Astebete besterik ez da falta galiziarrek hauteskundeetan zer erabakiko duten jakiteko, eta emaitza inoiz baino ziurgabeagoa da. Azken 12 urteetan ez bezala, ematen du oraingoetan aukera dagoela Alderdi Popularra Xuntatik kanpo uzteko, eta horrek emaitzaren gaineko interesa areagotu du. Popularrak oposiziora bidaltzea gutxi balitz, hauteskunde hauen ondoren, gainera, Galiziak lehen aldiz izan dezake emakume abertzale bat lehendakari, Ana Ponton BNGren hautagaia.

 Beti esaten den bezala, inkestak inkestak dira, eta ezin daiteke jakin hauteskunde batzuetan gertatuko dena botoak zenbatu arte. Hori horrela, baina, inkestek tendentziak azaleratzen dituzte eta, Euskal Herrian gertatzen ari denaren antzera, Galizian ezker independentismoa indartzen ari dela antzeman daiteke. BNGk lortu du hauteskunde hauetarako aldaketaren indarra eta ilusioa ordezkatzea, eta hori oso balio garrantzitsua da eskuin hegemoniko bati aurre egin behar zaionean.

 Ziur nago euskal herritar asko ibiliko garela igande gauean Galizian gertatzen denari begira. Batzuek apunteak hartuko dituzte, EAEn egitekoak diren hauteskundeetarako irakaspenak jasotzeko. Beste gutxi batzeuk, bereziki Nafarroan, beldurrez jarraituko dute, Espainiar estatuan azken hauteskundeetan ikusi genuen eskuinaren goranzko joera amaitu ote den. Baina ziur naiz gehienok esperantzaz jarraituko ditugula Galizian emandako emaitzak, estaturik gabeko beste nazio batean ezkerreko abertzaleen garaipena ikusteko esperantzaz, Ana Ponton lehendakari ikusteko esperantzaz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!