Ideas de bombero

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2023ko abe. 11a, 15:46

Txikitatik  entzun izan dut gaztelaniazko “ideas de bombero” esamoldea. Esamolde horren bidez izandako ideiak zentzugabeak edo erokeria hutsa direla adierazi nahi izaten da; eta, dirudienez, antzina suhiltzaileek artatu beharreko arazoei ematen zizkieten era askotako konponbideetan du jatorria.

 Ironiko izan badaiteke ere, Iruñeko Udalaren faroltxoen burutazioa “ideas de bombero” delakotzat har dezakegulakoan nago. Baiona hiri senidetuan, segurtasuna eta ekologia arriskuan jartzen direla ikusita, debekatzear daudenean, Iruñeko Udalari iruditu zaio une egokia dela egitasmoa gurera ekartzeko. 

 Ezin daiteke uka egitasmoa arrakastatsua izan zela hiritarren parte-hartzeari dagokionez, arrakastatsuegia agian udalaren aurreikuspenak jakinda; baina, parte-hartze datuez gain, ondorio bi izan zituen ekitaldiak, segurtasun arazoak eta zaborra nonahi. 

 Zaborrari dagokionez, Arga inguruan ibili den edozeinen eskura egon da, eta esanen nuke oraindik ere badagoela, gertatutakoa ikustea; faroltxoak lurrean, faroltxoak ibaian, faroltxoak zuhaitzetan... biodegradagarritasunak ez dio zaborrari zabor izaera kentzen. Segurtasun arazoei dagokionez, ez naiz ni izan hori salatu duena, udaltzaingoaren sindikatuak baizik; jende pilaketak, aurreikusi gabeko trafiko mozketak, faroltxo piztuak zuhaitzetan...

 Ziur naiz, esamoldeak esamolde, Nafarroako suhiltzaile bakar batekin ere ez zutela egitasmoa kontsultatu; ez dut uste segurtasunean aditua den inork burutazio hau babestuko lukeenik. Baina tira, apetatsuak dira hizkuntzak eta esamoldeak; Iruñeko Udalak beste behin ere erakutsi du aditua dela “ideas de bombero” delakoetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!