Azken astean irudi deigarriak heldu zaizkigu espainiar estatutik, bereziki Madriletik. Espainiako eskuina haserre dago eta kalera atera da bere ezinegona adieraztera. Protesta hauetan, erabili dituzten eslogan arrazista eta homofoboez haratago, amnistia legearen aurkako aldarria izan da nagusi, bai eta eskari bat, hauteskundeak errepikatzea.
Batzuk ez dute gogoan, edo ez dute gogoan izan nahi, hauteskundeak izan zirenetik lau hilabete eskas pasa dela eta boto-emaileek argi adierazi zutela zein zen nahi zuten gobernu mota. Hauteskunde horiek plebiszitu gisa planteatu nahi izan zituzten alderdiek, ez dute onartu nahi izan haien blokeak ez duela gobernatzeko beharrezkoa den gehiengoa.
Baina, protestak-protesta, ematen du Sanchezek izan duela abilezia berriro ere bere inguruan “gehiengo progresista” deritzon hori bildu eta beharrezko botoak eskuratzeko. Ea orain, gehiengo progresistak dauden bestelako instituzio batzuetan ere, Alderdi Sozialistak pausoa ematen duen eskuina gobernuetatik kanporatzeko.