Atzo izan zen Zaintzaren Nazioarteko Eguna, eta Nafarroako mugimendu feministako kideek data probestu zuten azaroaren 30eko greban parte hartzera deitzeko. Gizartea grebaren antolaketaren parte izatera animatzearekin batera, topa egin zuten zaintza lanetan ari diren guztiak omentzeko.
Askok oraindik ez dute ulertzen zaintza erdigunean jartzearen beharra. Ez dituzte zaintza lanak bestelako lanen maila berean kokatzen, eta ez dute ikusten lan mota honek gizarteari egiten dion ekarpena. Ez dira kontziente zaintzarik gabe ez dagoela bizitza duinik.
Eta, hori ikusten ez duten heinean, ez dute ikusten zaintza publiko eta unibertsalaren beharrik. Ez dituzte ikusten zaintza eremuko langileek bizi dituzten lan-baldintza kaskarrak. Eta ez dute ikusten egungo zaintza sistemaren antolaketa patriarkal eta arrazista.
Bada garaia denek errealitate hori ikus dezaten, sistemak ikusezin egin duen zaintza sistema bidegabea azaleratu eta guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu berri bat eraikitzen hasteko. Eta horretarako oso garrantzitsua da azaroaren 30eko greba arrakastatsua izatea, baina oso garrantzitsua da ere, bakoitzak dagokionetik eta ahal duenaren arabera, antolakuntza horretan eta ematen diren eztabaida prozesuetan parte hartzea. 30 egun dugu horretarako oraindik, beraz, batu borrokara!