Elikaduraren Munduko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2023ko urr. 16a, 15:16

 Elikaduraren Munduko Eguna omen dugu gaurkoa, eta prentsak gaiari heltzea erabaki du. “Ongi elikatuak al daude gure haurrak eskolan?”, “Dieta osasuntsu baterako gakoak”... edota antzeko titularrek bete dituzte prentsa idatziaren webguneak.
 Baina niri, eta ziur nago beste askori ere, gaiak Gazan bizi duten egoera ekarri dit gogora. Elikaduraren Munduko Egun honetan, munduak bizkarra eman baitie Gazan bizi diren bi milioitik gora pertsonei. Bereziki larria kontuan izanda horietatik milioi bat inguru haurrak direla.  Israelek ura eta oinarrizko elikagaien sarbidea moztu du Gazan.
 Gaur bertan entzun dut, egoeraren larritasuna dela eta, bizirauteko ezinbestekoa den kaloria kopurua kalkulatu duela Gazan lanean dabilen Palestinar Iheslariak Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak (UNRWA), oraindik gordetzen dituzten elikagai urriak ahalik eta gehien luzatzeko. Gaurkoa ere, beste hamaika bideoren artean, Gazatik heldutakoa; non haurrak ikus daitezkeen, Israeldarren erasoek eraitsitako eraikinen hondarren artean, elikagaiak bilatzen.
 Hobe luke Europako Batzordeko lehendakariak, Ursula von der Leyen andereak, gaurko egunean bereziki; Israelen defentsarako eskubidea aldarrikatu ordez, Egipto eta Gazaren arteko mugan zain dagoen laguntza humanitarioa sartzea aldarrikatuko balu. Azken finean, elikaduraren Munduko eguna ospatzeko arrazoia hori da, munduan elikatzeko arazoak dituztenak kontuan hartzea eta konponbideak ematea, ez gure dieta hobetzeko azken gomendioak jasotzea, Israelek Palestinarrak gosez hitzen dituen bitartean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!