Apur bat berandu bada ere, hemen nauzue, beste ikasturte batez minutu eskaseko nire hausnarketatxoak zuekin partekatzeko prest. Aurreko ikasturteetan entzun banauzue, ziur nago badakizuela zein izaten den nire gai kuttuna, Nafarroako zein Iruñeko politika. Eta nahikoa da Euskalerria Irratiko webgunea arakatzea, aurten ere gai honek zeresana emanen duela aurreikusteko.
Baina gaurkoan, ikasturte honetako lehen zutabea izanik, eta data borobila dugula probestuta, irrati honek eskaintzen didan tartetxo hau baliatuko dut AEK-ko ikasle zein irakasleei animoak luzatzeko. Animoak, gaur emanen baitio hasiera AEK-k ikasturte berriari.
Animo urte luzez AEKn lanean ibili ostean, ikasturte berri honi betiko ilusioarekin ekingo diozuen irakasleei. Animo esfortzu handiz euskaldundu ondoren, ikasle izatetik irakasle izatera pasa zirenei. Animo urteetako lanaren ondorioz zuen burua euskalduntzeaz gain, gure herri eta auzoak euskalduntzen dituzuen ikasleei. Animo Euskal Herria euskalduntzeko lanari heldu diozuen irakasle berriei. Animo aurten hasiko zareten ikasle berri guztiei, euskaraz bizitzeko lehen pausoa emateagatik.
Animoak eta eskerrak, beraz, AEK osoari, Euskal Herria euskalduntzeko hartutako konpromiso hori ikasturtez-ikasturte berritzeagatik, euskalduntzeak soilik bermatuko baitu gure hizkuntzaren biziraupena. Biba zuek eta ikasturtea disfrutatu!