Oso urrun zeudela ematen bazuen ere, azkenean hemen dira. Igande honetan izanen dira udal eta foru hauteskundeak. Ohikoa den bezala, amaitu berri den hauteskunde aurreko asteburu hau, inkesten asteburua izan dugu. Eta, hain ohikoa ez bada ere, Iruñeak protagonismo berezia izan du. Esanen nuke inoiz baino inkesta gehiago izan dela Iruñeko udal hauteskundeei begira, egoera apartekoa baita.
Eta egoera apartekoa da posible delako, lehen aldiz 1983tik, UPN ez den, edo UPN bere baitan ez duen, indar politiko bat udaletxeko lehena izatea. Eta ez hori bakarrik, lehen aldiz izan daiteke bozkatuena indar ezkertiar eta abertzale bat. Lehen aldiz posiblea da hautagai bozkatuena euskalduna eta euskaltzalea izatea.
Eta zer diote inkestek? Denek adierazten dute aukera hau erabat egingarria dela, eta hori egin dezakeen indar bakarra EHBildu dela. Inkesta guztiek diote, eskuina lehen indar izatetik, eta udaletik, bota nahi badugu, Joseba Asiron dela hautagairik onena.
Lehen indarra izatea ez baita soilik zerbait sinbolikoa, baizik eta udalean gobernu pogresista ziurtatzeko modu bakarra. Gehiengo absolutuak ez dauden udal batean, eta eskuinak ez du gehiengo absoluturik lortuko, lehen indar izateak berebiziko garrantzia du, horrek erabakitzen baitu zeinena izanen den alkatetza.
Itzul gaitezen une batez duela hiru hilabetera, hauteskundeak hain urrun ikusten genituenera. Josebak, otsailaren 25ean eskaini zuen diskurtsoan, lehen aldiz aipatu zuen lehen indar izateko ametsa. Momentuan hain urrun zirudien aukera hori, hauteskundeak bezala, hemen dugu, eskutan dugu. Beraz, igandean, eskoletara ilusioz beterik joanen gara. Ilusioz beterik eta irribarrea ahoan, irabaztera goaz eta.