AEK itxi!

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2023ko mai. 8a, 14:42

Gaurkoan aitortza txiki bat egin nahi  dizuet. Aurtengoa nire laugarren urtea da AEKn lanean ari naizela, baina lehenagotik ere banuen desio ezkutu hau nire baitan. AEK itxi nahi dut. Bai, entzun duzuen bezala, AEK ixteko irrikan nago. Eta ez ni bakarrik, gaiaz lankide askorekin mintzatu naiz, eta denek dugu nahi bera.

 AEK itxi nahi dugu, AEKide garen heinean euskararen militante garelako, eta, AEK ixteko arrazoi bakarra, Euskal Herria euskaldundu izana delako. Beraz bai, gure helburu politiko militantea gure lantokia ixtea da. Azken finean AEK herriak zuen behar bati erantzuteko sortu zen, eta beharra desagertzearekin batera desagertuko da.

 Zoritxarrez oso urrun gaude pertsiana jaisteko gure nahi horretaz. Eta Nafarroari dagokionez, are urrunago. Horrela da, beste baldintza askorekin batera, zonifikazioak Nafarrei eskubideak posta kodearen arabera esleitzen dizkielako. BERRIAk asteburu honetan argitaratutako artikuluaren izenburua ezin adierazgarriagoa izan, “Datuek frogatzen dute zonifikazioak galgatu duela euskararen garapena”.

 Baina honen aurrean ezin utzikeriaz eta etsipenaz jokatu. Horregatik larunbatean Euskal Herrian Euskaraz-ek deitutako mobilizazioan parte hartuko dugu milaka nafarrek. Garaia delako euskara ofiziala izateko Nafarroa osoan, eta kitto!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!