UPNren azken jauntxokeria

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2023ko mar. 27a, 15:06

Aurreko aste amaieran ezagutu genuen UPNren azken jauntxokeria: Nasuvinsarekin zuen akordioa hautsita, etxebizitza soziala eraikitzeko ziren lurrak enpresa pribatuei saltzea. Erabaki honek udalaren hurrengo urteetako etxebizitza politika baldintza lezake, udala lursail publikorik gabe uztea suposatuko lukeelako.

 Berri hau jakin eta berehala, oposizioa osatzen duten udal taldeek haien kontrakotasuna adierazi zioten erabaki honi, alderdikoia eta hauteskundeei begirakoa zela salatuz. UPNk udala Nafarroako Gobernuari oposizioa egiteko erabiltzen duela ere salatu zuten. Gainera, udala uztear den Enrique Mayari espekulazio urbanistikoari mesede egitea egotzi zioten.

 Argi dago erabaki hau orain hartzea ez dela kasualitatea, legegintzaldi amaieratan hartzen baitira, orokorrean, horrelako erabakiak, atzetik datorrenari eskuak lotuta uzteko, bereziki aurreikusten duzunean beste norbait sar daitekeela gobernatzera. UPNk erabaki honekin argi utzi du beldurtuta dagoela maiatzak 28ko emaitzarekin, eta badaezpada gauzak aurretik lotu nahi dituela.

 Eta erabaki honekin, gobernatzeko beste eredu bat nahi dugunoi arrazoi bat gehiago eman digu UPNk  hurrengo hauteskundeetan bozkatzera joateko. Berriro ere oso argi geratu da zergatik den beharrezkoa eskuin nafarra instituzioetatik kanporatzea. Ez bakarrik gobernu aurrerakoi batek erabaki hau atzera botako duelako, baizik eta, bai etxebizitzan, bai beste hamaika gaitan, bestelako politikak egitea beharrezkoa delako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!