Lau nafarretik batek daki edo ulertzen du euskara. Hori dio, behintzat, Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoak. Ez naiz datuen analisi bat egiten hasiko, baina poztekoa da kopuruak, bai ehunekotan eta bai zifra absolutuetan, gora egiten jarraitzea. Eta hori horrela da, beste askoren lanarekin batera, helduen euskalduntzean gabiltzanon lanari esker.
Horren harira, asteburu honetako esperientziaren berri eman nahi dizuet, Iruñerriko AEK-ko 150 ikasle baino gehiagok parte-hartu baitzuen asteburu honetan antolatutako barnetegietan. Esperientzia itzela haiendako, eta irakasleendako ere, ikaragarri polita baita igandean ikasleak entzutea esanez, asteburu batez euskaraz bizitzeko gai izan direla, euskaraz pentsatzea lortu dutela, euskaldun egin direla. Zeinen garrantzitsuak diren arnasgune hauek gure hizkuntzarendako eta hiztun berriendako.
Eta irakasle eta ikasleei asteburu honek emandako motibazio “txutearen” ondoren, gogora ekarri behar ditugu euskaldun guztiei zabalik ditugun bestelako arnasguneak. Milesker LABA espazioari, euskaldunentzako arnasguneari, bereziki Iruñeko Udalaren euskarafobia dela eta, terraza gabe jarraitzen duen honetan. Milesker martxoaren 23an izanen den Iruñerriko II. Mintzodromoa antolatzen zabiltzaten guztioi, ziur bainago iazko esperientzia ederraren ondoren euskaldun gehiago bilduko dela bertan. Eta, barkatu nork bere opilari ikatza ematea, milesker Iruñerriko AEKri aurtengo maiatzean ere euskara ikasten ari den orori irekiak izanen diren asteburuko barnetegiak antolatzeagatik.
Beraz entzule, animatu gure eskura ditugun arnasgune hauek probestera, antolatzen diren ekintzetan parte-hartzera, eta gure inguruan ditugun arnasgune horiek zaintzera, horrela geroz eta gehiago izaten jarraituko dugu eta.