Nire inguran askok ez dute ulertu UPNk PPrekin zuen akordioa haustearen zergatia, eta baten batek ez du erabat sinistu ere egin. UPNren lehendakariak esadakoak besterik ez dira entzun behar erabakiaren zergatia ulertzeko, Esparzak duela hilabete inguru eskainitako elkarrizketa batean argitu baitzuen zein den gobernura itzultzeko estrategian elementu garrantzitsuena, Pedro Sanchez.
Bai, harrigarri badirudi ere, Esparzak Pedro Sanchezengan jarri ditu bere esperantzak, haren ustez Madrildik helduko baita UPN gobernura itzultzea posible eginen duen telefono deia. Esparzaren ustez PSOEk ez dio Chiviteri EHBildurekin gobernatzen utziko, eta bere garaian Barcinarekin egin bezala, sozialistek Nafarroako Jauregiko atea irekiko diote eskuinari. Hau da, UPNk Barcinaren garaian gertatutakoa errepikatzea nahi badu, ezin da PPrekin aurkeztu.
Baina, nire ustez, Esparzari ez zaio jokaldia ongi aterako, PPren jarrerak dena hankaz gora jarri baitio. Ez naiz ari egin dituen fitxaketetaz, edo ez horretaz bakarrik, baizik eta hartu duten norabideaz. PPk ere hautu estrategiko bat egin baitu, UPNrekin Unidad Alavesarekin egindakoa egitea, hau da, UPNk suposatzen zuen salbuespenarekin amaitzea.
Gauzak horrela, UPN arrisku larrian dagoela esanen nuke. Ikusi ditudan azken inkestetan, bai Nafarroan eta bai Iruñean, lehen postua galtzeko posibilitatea baitago. Esparzaren apustua gaizki ateratzen bada, Unidad Alavesari gertatutakoa gertatzea gero eta errealagoa izan daiteke.