Urte berri on entzule! Urte berriarekin batera, hasi dira argitzen iaztik genituen zalantzak. Gabonak baino lehen jakin genuen UPN ez zela eskuineko beste alderdiekin batera aurkeztuko udal eta foru hauteskundeetara, eta, ondorioz, nafar eskuinaren batasuna hautsia zela. Gaurkoan jakin dugu Enrique Maya ez dela berriro Iruñeko UPNren hautagaia izanen, eta ez hori bakarrik, hautagaia ere erabaki dutela.
Iazko azaroan, gaur konfirmatu dugun berria filtratu zenean, eta Maya ezeztatzera atera baino lehen, berehala hasi ziren hautagai posibleak agertzen. Berehala aipatu ziren Elizalde, Echavarri edota Caballero, azken finean hauek izan dira legegintzaldi osoan zehar Mayaren alkateordeak, bere gertukoenak. Baina berria agertu eta berehala beste izen bat ere azaleratu zen, Cristina Ibarrolarena, Na+ren izenean parlamentari eta murrizketen garaian Osasunbidearen zuzendari izandakoa. Eta batzuentzat harrigarria izan badaiteke ere, azken hau izan da hautatua.
Berri honek hamaika irakurketa izan dezake, eta beste hainbeste zalantza berri piztu, baina niri ondorengoa etorri zait burura: izan daiteke, legegintzaldi honek sortutako higaduraren ondorio, Barcinaren garaitik, edota Mayaren lehen legegintzalditik, udalean lanean zebilen taldea berritu nahi izatea? Hau da, udal taldean hurrengo hautagaia bilatu ordez, udaletik kanpo bilatu badute, izan daiteke Mayarekin batera agur esan behar izatea Elizalde, Caballero, Alonso Ibarra edota Echeverria zinegotziei? Zalantza hauek datozen hilabeteetan argituko dira, baina horrela bada, ziur nago batek baino gehiagok ez dituela faltan izanen.
Aa, eta espero dut inori ideia lapurtu ez izana.