Jaun Done Saturdi bezpera

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2022ko aza. 28a, 13:57

San Saturnino, antzinako euskaraz Jaun Done Satordi, Iruñeko patroiaren egunaren bezperan, giro nahasia antzematen da udala gobernatzen duen eskuinaren baitan. Oraindik argitzeke dago, eta ez du ematen urte honetan argituko dutenik, elkarrekin aurkeztuko diren edo bananduta aurkeztuko diren. Interesgarria izanen litzateke benetan jakitea zein egoeran dagoen orain negoziaketa, edota Sayas eta Adanero zertan dabiltzan.
 Baina, ezjakintasun honetatik haratago, Iruñeko UPNren baitan ere tentsioak sumatzen dira, hautagaia nor izanen den erabakitzeko. Aurreko asteazkeneko sainetearen ondoren, oraindik ez dago argi zeinek eman zuen jakitera Maya ez zela berriz hautagaia izanen, eta zeinek hartu zuen informazio hori ezeztatzera ateratzeko erabakia.
 Alde batetik, batzuek uste dutenez, Mayak nahiko luke berriz aurkeztu, eta informazioa eman zutenek erabaki hau hartu zuten presio moduan. Bestetik, eta beste batzuek diotenez, Mayak argi du bere erabakia, ez da berriz aurkeztuko, eta alderdia bera da informazio hau ezeztatzera bultzatu zuena, oraindik ez dutelako hautagai argirik edo. 
 Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina argi dago Iruñeko eskuinak ez duela batere argi nor izanen den bere hautagaia, edo hautagaiak. Ezjakintasun honek urduri dituela ere, nabaria da, eta barne tentsioak dituztela igarri daiteke. Ez da izango ba, behin PSNk Esporrin Iruñeko Udaletik aldendu duenean, gero eta argiago ikusten dutela hurrengo hauteskundeen ondotik udal gobernutik kanpo izanen direla berriz?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!