Aurreko astean izan zen Erkidegoaren Egoerari Buruzko eztabaida berezia Nafarroako Parlamentuan. Bertan Maria Chivite Lehendakariak ordu eta erdi inguruko hitzaldia egin zuen, gobernuak urte honetan, eta legegintzaldi osoan, egindakoa baloratuz. Beste gai askoren artean, euskararen gaiari ere eskaini zion tartea Chivitek, nahiko laburra izan bazen ere.
Bertan Lehendakariak Euskararen Plan Estrategikoa onartzeke dutela aitortu zuen. Baina, horretaz gain, Euskaraldiari, gazteak eta euskara mintzagai izanen dituen topaketa batzuei eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalari egin zien erreferentzia.
Uste dut lehendakariak hitz hauen bidez keinu moduko bat egin nahi izan zuela, baina, nire ustez, lotsagarri geratu zen. Euskararen dekretua oraindik ez dutela onartu esan ondoren, euskararekin harremana duten hiru ekimen zerrendatu zituen, inolako zentzurik gabe, ongi geratu nahian. Zintzotasunez pentsatu nahi dut ez direla diskurtsoaren egileak Googlen topatu zituen euskararekin harremana duten lehen hiru gauzak, baina, aitortu beharra dut, pentsamendu hori nire buruan izan dela uneren batean.
Azken finean, eta amaitzeko, benetako keinu bat egiteko aukera izan du Chivitek legegintzaldian zehar, euskara eta Euskaraldia gutxiago aipatu, eta gehiago euskara ikasi eta soinean txapa jantzi.