Alejandro Toquero, Tuterako alkateak, datorren larunbaterako Hordago ekimenak deitutako manifestazioaren aurka jo du gaur Twitterren. Bere esanetan, zonifikazioaren aurka egotea “kalearen errealitateari begirunea galtzea” da, eta beti bezala euskara inposatzea.
Asteburu honetan, ordea, ikusi ditugu milaka nafar euskaltzale bilduta Tafallan oinez festan, euskararen alde eta Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eskubidearen alde. Berehala izanen dugu gurekin berriro ere errigoraren “euskarari puzka” kanpaina, Ager zonaldeko produktuz osatutako kutxen salmentaren bidez euskara sustatzeko dirua biltzeko kanpaina. Eta hemendik gutxi barru ospatuko dira Azkoienen Agerraldiak sustatuta Ager topaketak, ager zonaldeko euskaldun eta euskaltzaleak batzeko eta euskaraz disfrutatzeko helburuarekin.
Beraz, Toquerok hausnarketa bat egin beharko lukeela uste dut, kalearen errealitateak argi uzten baitu, Nafarroaren iparraldeaz haratago, Nafarroa osoan badela euskaraz bizitzeko nahia, eta zonifikazioaren aurka egotea dela Nafarroaren errealitatea errespetatzeko modu bakarra. Ziur nago larunbatean Tuteran errealitate honen beste proba bat ikusiko dugula. Zonifikazioari Hordago!