Itzuli gara. Irailak ekartzen digu urtero udaren amaiera, eta horrekin batera ikasturte berriaren hasiera. Eskoletara itzuli dira ikasleak, oporretan ziren langileak lanera, eta politikagintzan ere ikasturteari hasiera eman diote. Argi dago ikasturte hau bereziki garrantzitsua izanen dela, ikasturte politiko honen amaieran hauteskundeak izanen ditugulako.
Berezitasunak berezitasun, ikasturte honi betiko moduan eman diogu hasiera, aurrekontuak ate joka, herrietako azken jaietako txupinazoak politikariz lepo... eta ikasturte guztietan bezala Iruñeko udal gobernuko kideak gezurretan.
Irailaren 1an eman zuen elkarrizketa batean, Fermin Alonso zinegotzi jaunak esan zuen Labriteko zaldainaren lanek ez dutela Labriten egiten ari den igarobide jasangarriaren lanetan atzerapenik sortu. Eta gezur bera bota zuen irailaren 14an egin zen hirigintza batzordean, oposizioko alderdiak azalpenak eskatzen ari zitzaizkiola. Gezurra, diot, udaleko teknikariek eta lanen zuzendaritzak uztailaren 19an argitaratutako txostenetan argi eta garbi adierazten zutelako lan hauen aurreikusitako amaiera data, iragan ekaina, abendura atzeratzeko arrazoia Labriteko zaldainean egiten ari diren lanak zirela.
Niretzat deigarriena ez da, beste behin ere, Iruñeko udal gobernua gezurretan aritzea, legegintzaldi honetan horretara ohitu behar izan baikara, baizik eta udal langileen txostenaren aurka egin izana, haien gezurrak mantentze aldera, honek argi adierazten baitu udal zerbitzuetako langileekiko duten begirunea. Eskerrak, aurreko ikasturte politikoetan bezala, honetan ere oposizioa erne dabilela gezur hauek argitara emateko.