Iruñeko udalak aurreko astean plazaratu zuen “botelloiaren” kontrako bere kanpaina. Oposizioko alderdi guztiek aurkezpenean parte-hartzeari uko egin izanak eman dakiguke kanpaina honen inguruko pista bat. Hizkuntza inklusiborik ez erabiltzeak eta euskara erabat zokoratua izateak bultzatu zituen oposizioko alderdiak erabaki hau hartzera.
Baina horretaz haratago, alkatearen hitzek ere haserrea piztu dute sektore batzuen artean. Maya alkatearen hitzetan, badirudi gazteok ez dugula “botelloia” besterik egin nahi. Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak berak salatu ditu hitz hauek, udalari gogoraraziz bitan bakarrik bildu dutela “botelloiaren” inguruko mahaia, eta mahai horretan argi eta garbi esan zitzaiola udalari mezu positiboen bidez egin behar zitzaiola aurre fenomeno honi, eta ez gazteria kriminalizatuz.
Argi dago mahai horretan esandakoari ez diola jaramonik egin, baina are lazgarriagoa da, kanpaina hau martxan jartzen zuten egun berdinetan, eta gazteak zarata, zikinkeria eta mozkorraldi desatseginen errudun egiten zituzten bitartean, covid terraza gehienak mantenduko direla iragarri zutela. Badirudi terrazetan ez dela ez zaratarik, ez zikinkeriarik, ez mozkorraldirik ematen. Azken finean, Mayak ez ditu gazteak seinalatzen sortzen diren arazoengatik, baizik eta ez direlako UPNek sortutako hiri moldearen bezero.