Olagarroak Iruñean

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2022ko mai. 2a, 13:21

Deigarria egin zait gaur goizean Juan José Echeverría Iruñeko Udaleko zinegotziak esandakoa. Bere esanetan Iruñerriko biztanleak “olagarroak” behar dira izan organikoa zakarrontzira bota ahal izateko. Esku bat txartelarentzat, beste bat pedalarentzat (nik uste nuen pedalari oinarekin eman behar zitzaiola), beste bat aterkiarentzat (zaborra botatzeko behar-beharrezkoa argi eta garbi), beste bat zabor poltsarentzat...
 Ekintza sinple honi aurre egiteko agertzen duen ezintasunak agian azal dezake zergatik erabili zuen Iruñeko Udaleko Zerbitzu Juridikoetako burua gero bere izenean, eta NA+ koalizioko kide bezala, aurkeztu zuen txosten juridiko bat egiteko. Azken finean, hain zaila suertatzen bazaio zabor organikoa botatzea, ezin dut imajinatu ere egin txosten juridiko bat egiteak suposatuko diona.
 Txantxak albo batera utzita, zinegotzi honen eta zerbitzu juridikoen buruaren arteko azpijoko honek diru publikoaren iruzurrezko erabilera suposa dezake. Alde batetik, diru publikoarekin ordaintzen dugun langile batek bere lanorduak baliatu omen zituelako NA+ koaliziorentzat lan egiteko; baina bestetik, lan karga gehiegi zutela argudiatuta, zerbitzu juridikoek egin beharreko lan batzuk azpikontratatu zirelako, zeinekin eta Maria Caballero zinegotziaren anaiak lan egiten duen bulegoarekin.
 Kontua da, akaso, Echeverría jaunak uste duela Iruñeko biztanleak direla ezgauza direnak, organikoa botatzeko edota bere azpijokoak ezagutu eta horien arabera jarduteko. Eta ikusita gai garela, olagarroak izan gabe, egunero zabor organikoa botatzeko, ziur nago gai izanen garela horrelako azpijokoak kontuan hartu eta jokabide hauek dituztenak udaletik kanporatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!