Aurreko larunbatean zeharkatu zuen Korrikak Iruñerria, eta argi geratu zen euskararen aldeko herritar anitz garela bertan. Lehenik eta behin nire eskerrik beroena parte-hartzaile guztiei eta, bereziki, korrika posible egiteko aurreko asteetan lanean egon diren herritar guztiei, Korrika AEK-k antolatu bai, baina herriarena delako.
Baina aurtengo Korrikak azaleratu du, berriro ere, Nafarroan dugun sektore baten euskarafobia bizia. Azkena, NA+k Nafarroako Parlamentuak onar zezan aurkeztutako adierazpena, Parlamentuak erosten duen kilometroarekin tematuta, eta betiko diskurtso zaharruno eta zentsuratzailea ahoan.
Ezin aipatu gabe utzi ere NA+ Korrika Txikien harira egindakoa. Iruñeko Udalak eman beharreko baimenak baliatuz, Korrika Txikiak zailtzen saiatu dira, gure txikiak arriskuan jartzea inplikatzen bazuen ere. Askoz arriskutsuagoa eta gogaikarriagoa baita ehunka ume espaloitik korrika eramatea, alboan trafikoak jarraitzen duen bitartean, errepidea minutu gutxi batzuez ixtea baino.
Eta ez da izan bakarrik Korrika Txikiekin egin duen zerbait, pandemi aurretik ere berdina egiten hasi baitzen eskoletako ihauteri ospakizunekin, helburua euskara izateaz gain, herrikoia den edozer gauza jazartzea baita. Jaso dute, dagoeneko, Nafarroako Auzitegi Administratiboaren kontrako ebazpen bat, baimenak ematerakoan darabilten arbitrariotasuna salatuz, eta larunbatean ikusitako irudiekin, esanen nuke jaso dutela herritarren kontrakotasuna ere.