Hiriburutza karta

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2022ko mar. 21a, 13:22

Hamaika ikusteko jaioak gara, ikusteko eta entzuteko, bereziki Iruñeko alkateak mikrofonoak hartzen dituenean. Aurreko astean hiriburutza kartaren inguruko prentsaurrekoa egin zuen. Toki administraziorako finantzaketa sistema berriaren balorazio orokor bat egin ordez, alkateak hiriburutza kartaren aitzakia baliatu zuen Nafarroako Gobernuaren aurka jotzeko, baita EHBilduren aurka jotzeko ere.
 Maya alkatearen ustez, finantzaketa sistema berriaren atzean, eta bereziki hiriburutza kartaren indargabetzearen atzean, EHBilduren eta euskal abertzaletasunaren plan bat dago, Iruñea ahultzea, Bilbo, Donostia edota Gasteizekin alderatuta. Era honetan Nafarroa ahulduko litzateke, eta Euskal Herria independentearen proiektua aurrera eramatea erraztuko luke. Beraz, Mayaren esanetan, Iruñeari hiriburutza karta kentzea Euskal Herriko hiriburu bihurtzeko bidean pausu bat ematea da.
 Argi ikus daiteke, gaia bitan pentsatzearekin soilik, alkateak esandakoak ez daukala zentzurik, baina argi antzeman daiteke mezu horrekin daukan helburua; Nafarroako Gobernuaren aurka egiteaz gain, Iruñean bere proiektuaren aurrean alternatiba sendoa eraiki dezakeen indar politikoaren aurka jotzea. Eta bide horretan beste iragarpen bat egin zuen alkateak, diru publikoa baliatuko duela hiriburutza kartaren inguruko bere kanpaina politikoa egiteko. Badirudi alkateak nahi duenarentzat oraindik badagoela dirua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!