Eskuina, lehian

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2022ko ots. 21a, 14:41

Lan erreformaren bozketak UPNren baitan sortutako krisialdiaren ondoren, eta hau oraindik bideratua ez dagoenean, NA+ren parte den beste kide nagusiaren baitan  izan dugu eztanda. Madrileko eskuineko prentsaren bitartez Ayuso eta Casadoren arteko norgehiagokak lehen planoa hartu du. 
 Haien arteko lehia ez da berria, baina orain harte ez genuen ikusia era hain gordinean. Eta deigarria da ere, alderdiaren lehendakaria den Casadok, militantzia eta botere mediatikoengandik jaso duen trataera. Eskuineko prentsak bere dimisioa eskatu du modu argian, eta atzo Genobako PPren egoitzaren inguruan bildutako jarraitzaileek Casadori traidore edota santxista izatea leporatu zioten.
 Nire ustetan bai UPNek eta bai PPk bizitako egoerek badute harremana. Azken finean, azken urteetan arduratuagoak izan dira VOXek ordezkatzen duen eskuin muturrarekin lehiatzen, eta horretarako Ayuso edo Sayas bezalako profilak indartu dituzte, eta haien oinarria, askotan gezurren bidez ere, erradikalizatu dute. Eta orain, PSNrekin akordioa egin edota Ayuso bezalako profila indargabetu nahi izan dutenean, elikatu duten egoerak kontra egin die. 
 Honen ondorio zuzena, egoera honek dakarren okerrena, eskuin muturraren indartzea da. Azken batean, eskuineko beste alderdiek barne liskarretan indarrak galtzen dituzten bitartean, haiek  besteek elikatu duten erradikaltasunari esker hazten dira. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!