Beraiek bazekiten aterako zituztela. Besteek ez, oposizioak ez, hiritarrek ez, baina udal gobernuak bazekien aurrekontuak aurrera aterako zituela. Hilabete luze eman dute, aurrekontuak aurrera aterako zituztelakoan, eta oposizioaren harridura eta mesfidantzarako, gastuak konprometitzen, eta azkenik jakin dugu zergatik. Alkateak eta udal gobernuak zinegotzi baten dimisioa probestu nahi dute, normaltasunean onartuko ez liratekeen aurrekontu batzuk onartzeko.
Honen adierazle da nola, aurrekontuak ohikoa dena baino dezente beranduago aurkeztu dituzten, aitzakia bezala hiriburutza gutunaren galera jarrita, baina nola, epailearen ebazpena atera eta bereala aurkeztu dituzten, hiriburutza gutunaren galeraren eragina islatu gabe. Hau guztia gutxi balitz, eta zinegotzi berria bozketa izan baino lehen sartu ez dadin, normalean hiru egunez luzatzen den aurrekontuen azalpenaren tramitea egun bakar batean egin nahi dute.
Beraz, udal gobernu honek, hiriburutza gutunaren galera islatzen ez duten aurrekontu batzuk egun bakar batean azalduko ditu, gabonetan gainera, eta abenduaren 30ean bozketara aurkeztuko ditu, gehiengo demokratikoen gainetik, ez-ohiko egoera bat probestuz bere nahia inposatzeko.
Honen aurrean, eta gutxitan ikusi bezala, oposizioko alderdi guztiek batera erantzuna eman dute, eta azken bilkuran altxatzea eta bilkura uztea erabaki zuten, protesta moduan. Hau ez dago batere gaizki, baina lehen pausu bat besterik ezin da izan. Alkateak eta udal gobernuak demokraziaren aurkako jarrera mantentzen badute, erantzuna oraindik ere irmoagoa izan behar du, eta modu honetan aurrekontuak onartuko balitu, gehiengo demokratikoak udal gobernutik kanporatu beharko lituzke. Beraz, nik argi daukat, haiek, gehiengo ez demokratikoz, aurrekontuak inposatzen badituzte, guk, gehiengo demokratikoz, kanporatu behar ditugu.