Aurrerapausoak, kalte

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2021ko aza. 22a, 13:25

Aurreko astean Iñaki Iriartek autokritika egin zuen Mikel Zabalza, Mikel Arregi edota German Rodrigezen kasuetan ez zutela senideekiko kariñoa adierazten jakin argudiatuta. Honi gehitu zion ez zitzaiela kostatzen barkamena eskatzea, okertu baziren. Esandakoa zintzoa bada, aurrerapausoa dela uste dut.
 Hitz hauen harira eman diren beste hitzartze batzuk, ordea, bizikidetzan  aurrerapausoak ematea oztopatzeko heldu direla uste dut. Eta ez naiz ari Nafarroan ordezkaritzarik ez duen alderdi politikoaren balorazioaz, azken finean haien helburu bakarra horrelakoak Madrilen bozkak irabazteko erabiltzea baita. Ari naiz Enrique Maya Iruñeko alkatearen hitzen inguruan.
 Hasteko, Iriarteren hitzak laudagarriak zirela esatearekin batera, Iriartek esandakoaren kontra egin zuen, berak ez zuela zertan barkamena eskatu esanez. Argi ikusi zen, Iriartek adierazitakoaren kontra, batzuei asko kostatzen zaiela oraindik onartzea ez zutela dena ongi egin.
 Baina honetaz gain, are larriagoa jotzen dudan zerbait egin zuen Mayak, hitz hauei aurrerapauso izaera kendu, arma-politiko izaera emateko. EH Bilduri hitz hauek gogoan hartzeko esan zion, EH Bilduk horrelako keinurik egin ez balu bezala. Zentzu honetan uste dut Mayak ez duela gogoan izan nahi nola, Arnaldo Otegik berak, barkamena eskatu zien ETAren biktima guztiei, noizbait, bere jardunean, hauen mina areagotu bazuen.
 Azken finean, denok egin beharko dugu autokritika, bizikidetzan aurrera egiteko, eta biktima guztiei egia, justizia eta erreparazioa eman ahal izateko, baina onartezina da aurreraopausoak besteen aurkako harri bilakatzea. Aurrerapauso zintzoa izan zitekeena, berriz ere bizikidetzarendako kalte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!