Datorren 28an, Geltokin, arratsaldeko 18:30ean Iruñerriko Mintzodromoan parte hartzeko aukera izanen dugu Iruñerriko euskaldunok. AEK-k, IKAk, Iruñeko Hizkuntza Eskolak, Zubiondo euskaltegi publikoak eta Iruñerriko Mintzakidek antolatutako egitasmo honetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, eta helburua euskaldunak bildu eta gai ezberdinen inguruan mintzatzea da.
Azpimarratzekoa da gure hirian horrelako ekimenak aurrera eramateak daukan garrantzia. Euskaldunontzat, batzuetan arrotza suertatzen zaigun hiri honetan, gure hizkuntzan egiteko espazio seguruak sortuz eta gure arteko saretzea bultzatuz. Nire ustez, pandemiaren amaiera dirudien honetan, oso beharrezkoak dira mota honetako ekitaldiak, derrigorrez bananduta egon ondoren, gure komunitatearen berrelkartzea sustatzen dute eta.
Eta Iruñerriko eta Nafarroako euskaldunok inoiz baino beharrezkoagoa dugu berrelkartzea eta saretzea, euskalduntzean aurrera pausoak eman nahi baditugu, argi geratzen ari baita instituzioetatik ezer gutxi lortuko dugula eta Nafar Gobernuak, euskararen gainetik, nahiago dituela ingelesa, frantsesa edo alemana.
Honengatik guztiarengatik, esker aunitz antolatzaileei. Ea Geltoki euskaraz gainezka egin dezan lortzen dugun!