2021an ez ditugu biziko

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2021ko api. 26a, 15:07

Gaur Enrique Mayak, Iruñeko alkateak, 2021eko San Ferminak bertan behera uzteko erabakia hartu duela iragarri du. Erabaki honen arrazoia, denok dakigun bezala, pandemiak sortutako osasun egoera da. Honekin batera udarako ekitaldi kulturalez osatutako agenda bat iragarri du. Triste eta atsekabetuta agertu da berria ematerakoan, ulergarria den bezala. Honaino ongi, denontzat argia zen ezin zirela San Ferminak ospatu, gauden egoeran egonda, baina erabakiaren mamiaz haratago, erabakia hartzeko moduak ere badu berea. 
Eta, esan beharra dago, Mayak bere estilo autoritarioari eutsi diola aurten ere. Aurreko urteko “Los Viviremos”  kanpainaren ondoren, eta euskararekiko mespretxuaz haratago, kritika aunitz egin zitzaion udaletxeari, erabakia era aldebakarrekoan hartzeagatik. Udalbatzak behin eta berriz eskatu dio alkateari aurtengo erabakia era parte-hartzaileago batean hartzeko, San Ferminetako mahaiarekin biltzeko erabakia hartu baino lehen, erabakia lehenago hartzeko, argia izateko…
Ba ez, erabakia Alkateak hartu du, San Ferminetako mahaiarekin bildu gabe. Beraiekin bilduko dela, erabakia hartu ostean iragarri du, erabateko mespretxua eginez. Asteak eman ditu argi hitz egin gabe, bizilagunak zoratzen. Gaurkoan erabakia hartu du, berandu eta inor kontuan hartu gabe, bere estiloari jarraikiz, eta, erabakia denok ulertzen dugun arren, moduak zaindu behar direla gogoraraztea ez dago gaizki

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!