Gaur, pandemiarik ez balego, euskaldunok zulo bat izanen genuke gure barruan. Bi urtetan behin izaten dugun zuloa. Korrika amaitu ondorengo zuloa hain zuzen. Lekukoa eskuz-esku, Euskal Herri osoan zehar ibili ondoren, Korrika amaitu ondorengo egunak dakarren zulotxo hori.
Baina aurten ez da korrikarik izan, pandemiak hala behartuta, eta, beraz, gure barrenean ez dugu zulotxo hori sentitu. Ezin izan dugu lekukoaren kokapena jarraitu, ezin izan ditugu herri ezberdinetako argazkiak ikusi, eta atzo ezin izan genuen korrikaren amaiera ospatu. AEK-k deituta milaka euskaldun bildu ginen Euskal Herriko plaza ezberdinetan euskarari, eta helduen euskalduntzeari, gure sostengua adierazteko, baina, argi dago ez dela berdina.
Guri ez digu zulotxo hori eragin, baina zuloa bai sortu dela, zulo ekonomikoa hain zuzen. Zulo honi aurre egiteko AEK-k martxan jarri du diru bilketa kanpaina bat. Euskaltzaleoi dagokigu orain sostengu hori ekintzen bidetik demostratzea, datorren urtean berriz ere Euskal Herriko karrika ezberdinetan zehar, lekukoa eskuz-esku dugula, korrika ibili nahi badugu. Denok batera Bultza ditzagun euskaltegiak eta bultza dezagun Euskara!