Politika, barrura eta kanpora begira

Erabiltzailearen aurpegia Eva Aranguren Arsuaga

Aste bat falta da hurrengo hauteskundeetarako Espainian eta gai nagusia PP-Vox aliantzak gehiengoa lortuko ote duen, hala Sanchezen inguruan eratutako gehiengo anitzak, ezker soberanista barne, eutsiko dion izaten ari da etxeetan, lantokietan eta lagunen artean. Halakoetan galdu egiten da edukietan sakontzeko eta konpromezu zehatzak eskatzeko grina. “Bigarren mailakoak” dirudite halako alarma egoeran. Baina gure egunerokotasunean eta etorkizun hurbilean lehen mailako asuntoak dira. Eduki zehatzen estaltze honek epe ertainera muturreko eskuinaren eta gizartearen desideologizazioa eta demokraziaren gutxiestea nahi duten sektore kapitalista haundien garaipena da. Eutsi diezaiegun ezkerraren eta langile klasearentzat oinarrizkoak diren gai, arronka eta beharrei baita kanpaina honen baitan ere. Hauxe baita ere erresistentzia egitea.

Hala, larunbatean 16.000 sinadura baino gehiago aurkeztu ziren Iruñeko Auzitegian hezkuntza publikoan ratioak jaisteko Herritar Ekimenaren alde. Etengabe herritarrek eta langileek osasun publikoaren okertzea salatzen ari dira. Euskal Herri osoan. Hauteskundez hauteskunde, ultraeskuina “gelditzeaz” gain, dagokigun arronkei modu eraginkor eta zehatzean erantzun behar zaie, beharrezko baliabide publikoak erantsiz. Eta honetarako, gerrarik ez leloak suposatzen duenari eutsi behar zaio, belizismoaren kontrako erabaki zuzenak hartuz. Adibidez, helburu militarrentzako aurrekontuak gogor murriztuz Espainiako Kongresuan. Israelekin lotura guztiak moztuz estatuan eta Euskal Herrian. Nazioarteko politika beste mundu bat eraikitzera bideratuta egon behar du, Ukrainiako gatazkan inplikatuta dauden interes eta sektore ultraeskuindar naziak salatu eta aurka egin behar zaie. Kanpo politika ezkerrekoa eta askatasunera bideratuta egon behar du, internazionalista izan behar du, ez inperio baten aldekoa, izan EEBBarena azken hamarkadetako bortitzena; izan Marokoarena Saharako herria zapalduz, izan sionismoaren ardatz guztiena, Israelgo estatu kolonialaren esistentzia bera defendatzen dutenak. 
Euskal Herria munduan egoteko modu bat izan behar du, barrura eta kanpora begira egunero egiten dena. 
Herrien askatasuna, berdintasuna, langile klasearen eskubideak, justizia soziala eta zerbitzu publikoaren indartzea defendatuz. Mendebaldeko potentzia inperialista nagusiaren interes geopolitikoei jokaldia egin gabe. Diskurtsoetatik haratago, politika zehatzak behar ditugu. Barruan eta baita kanpora begira ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!