Azkenaldian gehiegitan entzun dut nire inguruan euskaraz ez dakien baten aurrean euskaraz hitz egitea, euskara ez dakien hori diskriminatzeko modu bat dela. Ez zait zaila egiten pertsona hori gaizki sentitu litekeela ulertzea, baina hortik euskararen herrian euskara erabiltzeagatik diskriminatua dela esatera urrats handi bat dagoela iruditzen zait.
Pentsatzen dut hau euskarari hizkuntza gutxitua izateagatik gertatzen zaiola. Ez baitut horrelako jarrerarik antzematen Alemanian alemaniarrarekin, Ingalaterran ingelesarekin edo eta Katalunian gehiengoa dela asumitua dugun katalarekin. Kataluniara bizitzera joan ezkero katala ikasi beharra dugula ere barneratuta daukagula iruditzen zait (askok behitzat).
Bada inguru hauetan, aurrematrikulazio kanpainan sartuta gauden honetan, dugun errealitate kaxkarra gainditzeko apustu berriak egiteko une egokian gaudela baloratuta, elkarbizitzaren alde egiten duen, aniztasunari lekua ematen dion eta eleaniztasuna ziurtatzen duen euskara ardatz izango duen hezkuntza eredu bakarra ezartzeko bidea, zergatik ez dugu jada martxan jartzen?
Horrekin, hezkuntza ereduaz gain hizkuntza ohiturak ere aldatuko genituzkeelakoan nago, euskaraz bizi nahi dugunon eskubideak ere errespetatuz.