Euripean bada ere, aurten ere ospatu dugu Aberri Eguna. Edo Aberri Egunak, hobeki esanda. Aberria nola ulertzen dugun, hala ospatzen baitugu eguna euskaldunok. Nork bere tokian, nork bere estiloan, nork bere mezuarekin.
Datozen belaunaldietan pentsatzen jarrita, ordea, zenbait zalantza sortzen zaizkit. Izan ere, gero eta globalizatuagoa den gizarte honetan, zer sentitzen ote dute gure ikasleek aberri? Batzuek berehala irudikatuko dute lauburu bat edo Euskal Herriko mapa. Beste hainbatek, aldiz, galdera ikur handi bat marraztuko dute koadernoan. Eta badago margo horia eta gorria bilatuko duenik estutxean, konplexurik gabe adieraziz ez dela euskaldun sentitzen.
Badakigu nondik gatozen, baina nora goaz? Zer eta nork ospatuko du hemendik urte batzuetara? Nolanahi ere, kantuak dioen bezala, aberriaren mugak geure baitan daude gehienak. Horrenbestez, gaurko gazteak aberriratzeko eraberritu egin behar dugulakoan nago. Aberri eguna nerabe erritu ere izan dadin.