Bada bertsorik

Erabiltzailearen aurpegia Endika Legarra 2024ko mar. 5a, 15:26

2021eko abenduaren 18a, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, Nafarroa Arena, 13.000 entzule. 2022ko abenduaren 2a, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Anaitasuna, 2.000 entzuletik gora. Titularra: bertsoa dario hiri buruzagiari.
Baina iruindarron bertso gosea ezin dugu abendura mugatu. Izan ere, otsailari zezeila esaten zaio Bizkaian, barantaila Zuberoan eta Bertsoaroa Iruñean. Aurten ere izan ditugu haur, gazte eta helduendako saio arruntak zein bereziak. Etorri dira Euskal Herriko izarrak kantura, eta astro nafarrek ere izan dute merezitako plaza. 
Eta otsailak martxoari bezala, Bertsoaroak Bertx(h)oriri eman dio bide orain. Alde Zaharreko ostegunei bizipoza ematera itzuli dira txoriak, informaltasuna inposatzera, bertsolari zein entzule hasiberriak deskubritzera. Bertso txarretik bertsotzarrera gutxi dagoela berretsi ahal izan zuten joan den astean Zaldiko Maldikora gerturatu zirenek. Etzi, Herrikon, gehiago.
Bertsoaroa eta Bertx(h)ori, bertsoa bizitzeko bi modu, baina helmuga berbera: Iruñea bertsozaletzea eta, bidenabar, euskalduntzea. Horretarako ez baita Arenarik bete beharrik, ezta urtearen hondarrera itxoin beharrik ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!