Gaur egungo take away, brunch eta Starbucks-en artean, gero eta Nuevayorkago bihurtzen ari dira gure auzo eta herriak.
Baina, herri batek noiz uzten dio herri izateari?
Agian ez da egun batetik bestera gertatzen. Ez dira kaleak desagertzen, ez dira etxeak erortzen, ezta dendak ixten ere; baina hauen erabileraren kutsua zeharo aldatzen da.
Etxebizitzak inbertsiorako aukera bihurtzen dira. Auzoak kontsumitzeko espazio. Eta gazteok, gure herrietan bizi-proiektu bat eraiki ezinik, gero eta urrunago ikusten dugu hemen geratzeko aukera.
Baina Euskal Herria ez dugu soilik jasotako zerbait. Eraiki egiten dugu, egunero, gure harremanekin, gure erabakiekin eta gure bizitzeko moduekin.
Horregatik, etxebizitzaren auzia ez da teilatu bat izateko auzia soilik. Zer Euskal Herri eraiki nahi dugun erabakitzeko auzia ere bada.
Etxeak etxe izan daitezen, herriak herri eta auzoak auzo. Euskal Herria bizitzeko leku bizigarria izan dadin.