Joseba Asiron: "Gotorlekua sorkuntza laborategi bihurtuko dugu"

Erabiltzailearen aurpegia ehbildu Iruñea 2015ko api. 15a, 09:31

Iruñeak arnasa behar du, baita kultura eremuan ere, eta gaurkoan alor kulturala oxigenatzeko gure proposamen estrategikoa aurkeztera gatoz, Hiriartea eta Geltoki proiektuak hain zuzen ere.

Hasteko, Kultura Plan Estrategikoa sortzea ezinbestekoa ikusten dugu. Plan honek udalaren, eragileen, kultura industriaren (bereziki hiriko enpresak) eta sortzaileen komunitatearen parte hartzea izango du eta Iruñean dagoen energia kultural guztia lehertu eta hura babesteko helburua du. Izan ere, hauxe UPNren gabezia handienetako bat izan da, ez du plan estrategikorik adostu inolako alderdi ez eragilerekin.

Plan honen baitan Hiriartea proiektua proposatzen dugu. Gotorlekua, parke publiko izateaz batera, sorkuntza artistikorako laborategi bihurtu nahi dugu, eta bertan, sorkuntza, komunikazioa, teknologia berriak eta bestelako diziplinak uztartuko diren. Gotorlekuaren ondare-balioa eta egoera bereziki zainduz, ekoizpena, banaketa eta erakusketarako gune bilakatuko dugu.

Asmoa da espazio berezi honek eskaintzen dituen baliabideak optimizatzea da: parke izatearekin batera edukiontzi multidiziplinarra izatea; aisialdi gune izatearekin batera sorkuntza artistikorako eta berrikuntza teknologikorako erreferentzia izatea. Eta hau dena perspektiba ireki eta sortzailearekin, elkarlanean oinarrituta. Proposamenentzako mugarik gabeko gunea, esperimentuak eta uztarketa sortzaile eta teknologikoak bultzatuko dituena.

Helburu honekin, sormen eta kultura enpresen inkubadora martxan jarriko dugu. Hau da, sorkuntza/ekoizpenera eta entsegura bideratutako lokal espezifikoak, enpresa berriei bideratutako komunikazio eta ekoizpen bulego batekin. Kolektibo artistiko iruindarra tokiko, estatuko eta nazioarteko merkatu zein abangoardietan promozionatu eta birkokatu beharra dugu.

Horrekin batera, Hiriartea proiektuak arte plastiko eta eszenikoentzako espazioak barnebiltzen ditu (pintura, eskultura, musika, antzerkia, dantza…), baita erakusketak eta gune eszenikoa. Era berean, artearekin, diseinu kolaboratibo eta ekonomia sozial eta solidarioko bestelako guneekin saretze eta koordinazio gunea sortuko dugu.

Gainera, Gotorlekuaren inguruetan lorategi botanikoa sortuko dugu ere.

Bestalde, Hiriartea proiektuak Geltoki proiektuarekin lotura zuzena eta harreman koordinatuta izanen du. Autobus geltoki zaharrean ekimen artistiko eta sozialen edukiontzia sortu nahi dugu, merkatuak, erakusketak, kontzertuak, antzerkiak eta bestelako ekimen kultural eta sozialak bilduko dituena. Hiri guztiari irekia egonen den espazioa da hau. Kafetegia eta autobusen enpresen lokalak zeuden eremuan, gainera, ekonomia sozial eta solidarioa lantzen duten eragile eta elkarteentzako gune iraunkorra izango da, hitzarmen baten bitartez autogestionatuko dutena.

Martxan jarriko ditugun beste proposamenak hauek dira:

-Batetik Lamia Gunea, Euskal herriko folklorearen, artearen eta kulturaren formakuntza eta ikerkuntzarako (euskal dantzak, euskal musika, bertso eskola…). Musika eskola zaharra lokal egokia litzateke.

-Eta azkenik, Arte Eszeniko profesionalak Sustatzeko Plana, egungo tokiko entitateen parte hartzearekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!