Artalde zurixkan beti da bildots beltzaren bat
Berriki izan nintzen Lesakan gazte denboran Ameriketan artzain ibili zirenen artean; adinaren zamak ederki egurtuta ia denak.
Berriro, maiz aditu ditudalako euskal artzain amerikanoen kalakak, entzun nituen hurrengoak: Bidasoa bazterreko herrietan joan zen mendearen bigarren erdikoan ez zegoela etorkizunik eta hortaz joan zirela Californiara -adibide bat paratzearren- milaka bururen artaldeak gobernatzera basamortuaren trazak zituzten mendi-papiroflexikoetan.
Lesakakoa izan zen hogei urtez udazkenero egin duten hondarreko topaketa. Gero eta gutxiago dira, urtetik urtera, herioren merituz. Izan zuelako egunak min erantsia.
Nolanahi ere, bi hausnarketa ordukotik.
Lehena, migrazio guztietan dagoela gosearen aiztoa; atzo, gaur eta etzi.
Bigarren hausnarketa artzain amerikano hauetako bati entzundakotik eragina da, galdegin nioenean migrazioaren beharraz, denean Euskal Herritik Ameriketara, denean edonondik Euskal Herrira.
Kakotxen artean bere hitzak, erdi irriz bota zituenak egun hartako jai giroa: “Donald Trump-en aldekoa nauzu, hi, kar-kar, Marokotik, kar-kar, ez izateko inor artzain Ameriketan ”.
Eta, nik, graziarik ikusi ez… esaldi nazkagarriari. Negargurarako gogo gehiago, bilakaturik artalde zurixkan beti aurkitu ohi den bildots beltza.