Bi titi eta fusil bat

Erabiltzailearen aurpegia Dani Martirena 2026ko martxoaren 10a

Ume tenoretan bulartu zitzaizkion titiak, bularraldean kulunkara agertuta txondor bi. Ume beharko lukeenean odoletan hasi zitzaion alua. Bezperan, betekada hartuta zen ondutako gereziekin eta kuleroak gorriztatuta ikusi zituenean pentsatu zuen apika gerezi-ondoezatik zikindurik zuela barruko arropa.

Oker zen. Bere lehen hilekoa zen, zortzi urterekin.

Gero, bular oparokoa izan zen gaztetan, nahiz eta indarrez eta ahalegin guztiekin saiatzen den bere titikeria ezkutatzen. Institutuan, pentsa, gimnasia zuen egunetan, asteazken eta ortziraletan, ditizorroaren gainetik paratuko zituen soinean gutxienez hiru kamiseta, tipularen geruzaren efektuan ditiak desagerrarazteko asmoz futbol zelaiaren perimetroan laster egitera agintzen zuenean gimnasia irakasleak.

Ama izan zenean, biberoiaz elikatu zituen kumeak. Erizainari kasu eginez, ez zuela bere esneak behar adina ondasun. Bere burua jaitzitzeraino, esnea komunetik botaz, nekazarien protesta horietako batean legez.

Soilik berak daki zenbat gorrotatu izan dituen beti eta betidanik bere titi bikiak.

Herenegun minbiziaren ondorioz ezkerreko bularra ia osorik ebaki diote.

Pentsatzen du orain ditiak utzitako hutsunean hobeki helduko diola fusilari.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!