Leihoa, leihotik begira, leihoraino

Erabiltzailearen aurpegia Dani Martirena 2026ko otsailaren 10a

Iñauteak… joareak entzuten direneko tokian, negua astintzeko gogoz, gerorako fruituak ziurtatzeko irrikaz. 
Leiho batean emakume baten burua ikusten da, kristalera pegatuta bezala, bere soa kanporantz duela berak. 
Soilik bere burua dakuskigu, eta aurpegia ere, pentsatzekoa denez ezin dela zutik izan, egonen dela ia segur eserita, aulki gurpildun batean akaso. Izanen ditu 90 urte; agian gehiago.
Leihora pegatuta bezala den emakumeak  badu paratuta ileordezko bat, kolore bizitan, erdi hori, erdi azula, erdi laranja, ortzadar oso ere izan daitekeelarik mentatuta ileordezkoaren trama. 
Mozorrotuta baitago. 
Iñauteak izaki. Oroit. 
Izan ere, joareak entzuten direneko tokian joareak ozen entzuten dira orain. Zubietako plazan dira Zubietakoak eta Iturengoak, beren arteko urteroko adiskidetasunean. 
Soa luzatu dut leihora berriro. Leihora pegatuta bezala den emakumeak burua kulunkatzen du, tun-tun batean, joalduneei gerriondoaren bueltako joareekin dagokien tun-tunaren erritmo beretsuan. 
Ortzadarra dirudi gure damaren ilajeak eta benetako ortzadarra agertu da Mendaur mendiaren gailurrean langarraren eta eguzkiaren arteko lehia bizian.  
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!