Bi herritatik ekimen beretsuaz. Etxeetako izenak berreskuratzearren etxeetako jatorrizko deiturarekin nahita herdoiltzen utzitako burni-xafletan eraikinen izenak zizelkatu dituztela, sarrera-ateetan paratzeko hauek, zuloa eginez harrian tarateluz horretarako.
Eta hurrengoa dut hausnarketa: gorazarre egiten zaiela, nabarmen gainera, etxe-izendegi horietan etxe horietako iraganeko jabetzei, nabarmenduz nor zen jabe, ezkutatuz nor zen morroi.
Hots, ez dugula sekulan jakinen nor bizi izan zen Maisterrenean; maisterra izaki, noski. Oraingo adieretan, alokairuaren atzaparretan betiko pobreak zirenak. Etxe izendegietan berreskuratzen direnez ahaltsuen ahalak eta ahaletan direnen ahalegin ahulak.
Alegia, iraganari begiratzeko ariketa orok behar duela ikuspegi kritikoa; zaharra dena goraipatzen ari garenean zaharra delako soilik, adreiluz adreilu paratzen dugula aldaketa ezaren pareta zaharra.
Nola denez egun posible Loporenea Lopez delako batena izatea izenez, ekinez oraindik kostata ordaintzen ari denak baldin badu, demagun, abizenerako… Etxeberria.
Etxebizitzaren arazoa, azken buruan, ez da oraintsukoa.