Uda goiz iritsi zaigu aurtengoan, adituek diotenez apirileko hilabetean errekorreko tenperaturekin eta iragarpena ez omen da xamurra datozen hilabeteei begira ez tenperaturari dagokionez, ez eta prezipitazioei dagokienez ere, inguruko urtegiak nola dauden ikusita.
Batzuek, gehienok, asko jakin gabe, klima aldaketari egozten diogu joera aldaketa hau; beste batzuek ezetz, ziklikoa dela eta aurten hala egiten duen modu berean, datorren urtean kontrakoa eginen duela. Sarritan joaten naizen arkitektura bulego bateko nagusia bigarren talde horretakoa da. Hala esaten zidan atzo aire girotua bere bizitzan lehen aldiz apirilean jartzen zuen bitartean. “Passiv etxe gehiago behar da hainbeste aire giroturekin ibili ordez” zioen...
Inork ez daki zehatz mehatz datorren astean zer eguraldi egingo duen eta eguzkia edo lainoak edo euria, beroa ala hotza edukiko dugun, baina datu historikoetara begira agerikoa da joera aldaketa nabarmena dagoela eta latitude hauen desertifikazioaren kontua agian egia izango dela... Eta klima aldaketa bera ere bertan dugula noski. Eta bere jatorrian dauden jarduera eta ohitura kutsakorrei galga jartzen ez badiegu, datorren urtean gehiago. Eta hurrengoan eta hurrengoan ere. Hori bai, aire girotua ez dadila falta.