Iruzur bankarioa

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2023ko mar. 17a, 12:20

Europako Banku Zentralak iragarri du beste puntu erdi igoko dituela interes tipoak inflazioari aurre egiteko, eta behar izatekotan bankuei likidotasuna bermatuko diela ere. Azken bi urtetan haien irabazietan errekorreko emaitza ekonomikoak  izan dituzten banku horiei bermatuko die likidotasuna. Gobernu zentralak bankaren ezohiko irabaziei zerga jarriko ziela iragarri eta horren aurkako helegitea jartzera korrika joan ziren banku horiei. Zure aurrezkien truke zentimo bakarra ere ematen ez dizuten baina maileguetan ehuneko 5, 6 edo 7 eskatzen duten horiei. Duela hamar urte espainiar Estatuak gure poltsikoetatik atera zituen 100.000 milioi euro baino gehiagorekin erreskatatu zituen banku horiei bermatu nahi die likidotasuna orain Europako Banku Zentralak.

Hobe luke Banku Zentralak diru publikoa barra-barra jaso duten eta jasotzen jarraitzen duten banku pribatuen likidotasunean jartzen duen arreta bera jarriko balu langileen, langabetuen, pentsiodunen eta azken finean herritar guztion egoeran.

Frogatu da krisialdi ekonomiko bortitzenen arduradun izan direla, jardunbide bidegabeetan aritu direla, haien zuzendariek kudeaketa zalantzagarriak izan dituztela eta iruzurrera ere iritsi direla. Eta frogatu ez dena, baina laster frogatuko dena da, likidotasuna emanez gero, berriro ere bide beretik jarraituko dutela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!