PP ilegalizatu

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2023ko mar. 3a, 13:20

“Delitu moduan tipifikaturik dauden helburuak jarraitzen dituzten edo baliabideak erabiltzen dituzten elkarteak ilegalak dira” Espainiar Konstituzioaren 22. artikuluaren arabera.

Horregatik bere burua Demokraziatzat duen herrialde batek ezin du PP bezalako alderdi bat bere egituren baitan mantentzen jarraitu. Jakin dugun azkenetarikoa,  Mari Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko kontseilari ohiari kargua hartu berri zuenean egindako ikerketa izan da. Ez nolanahiko ikerketa; ‘Estatuko estoldak’ deitzen diren horiez baliatuz eta PPren interes alderdikoiei begira egindako informazio bilketa, ondoren zer eta munizio politiko moduan erabili edo komunikabide izena handi xamar dagokien sasiagerkari batzuei oparitzeko, hauek informazio faltsua, gezurrak edo zikinkeria politikoa aireratzeko ez beste helbururekin. 

Hau guztia Rajoyren Gobernuko Barne ministroaren goi-karguek jarduten zuten eta hartan Fernández Díaz ministro zenaren gidaritzapean, antza. Arerio politikoa erasotzeko baliabide ilegalak erabiltzea lotsagarria eta eskandalu hutsa izanagatik ere hemen inork ez du PPren ilegalizazioari buruz txintik esaten. Eta bestelako kasuak ere ez dira gutxi; PPren B kutxa, Púnica, Kitchen, Ayusoren anaia, eta beste 200 kasu dira PPren ustelkeria estrukturala errealitate frogatua dela argi uzten dutenak. Batzuetan norbanakoen ustelkeria kasuak izango ziren, aberasteko. Baina alderdi moduan etekin politikoa lortzeko ere alderdi moduan legez kanpo ibili dira. Eztabaidaezina da. 

Horregatik diot, zergatik ez da PP ilegalizatzen?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!