Iruñeko autobus geltoki zaharra eraisteko eta bertan beste eraikin handiago, politago eta liluragarriago bat eraikitzeko zurrumurrua itzuli da berriro. Honakoan Iruñeko Zabalguneko bizilagun elkarte baten eskutik. Haien hitzetan 15 edo 20 solairuko eraikin bati esker agertzen omen dira hiriak mapetan eta haien arrazoipen sinplistan hori da Iruñeak eta bertakoek behar duguna. Gutxi gora behera.
Ez naiz 15 edo 20 solairuko eraikinen aurkakoa. Ez naiz sikiera Iruñeko erdigunean horrelakoak egitearen aurkakoa. Bai ordea jada badugun eraikin adierazgarri bat azterlan handirik gabe eta hausnarketa sakonik gabe eraistearen aurkakoa. Arkitektura aldetik ziurrenik Autobus Geltoki Zaharra gaur egun ez da Iruñeko eraikinik nabarmenena. Baina ez dezagun ahaztu ere 1934an eraiki zen honek Arkitektura Sari Nazionala jaso zuela. Jakin dezagun zergatik. Egin dezagun pedagogia apur bat jendartean gure ondarea baloratzeko. Esploratu ditzagun beste bideak. Jasangarritasunari begira zaharberritze eta eraberritzearen korrontean gauden arren, batzuk beti baitira gauzak eraistearen aldekoak.