Urtebeteko atzerapenarekin, atzo abiatu zen Korrika Amurriotik eta gure herrietako errepideetan barna gau eta egun aritu ondoren, bihar iritsiko zaigu lekukoa Iruñerrira bere Donostiarainoko bidean. Beti bezala, lasterka iritsiko da eta lasterka jarraituko du bere bidea, AEK-k bere goiburuan daraman Alfabetatze eta Euskalduntze helburuan korrika egiteko dagoen premiaren metafora moduan antza.
Metaforak metafora, egia dena da 22 edizio eta 40 urteren ondoren oraindik badela horrelako ekimenen behar objektiboa Euskal Herrian hizkuntzak duintasunez bizi eta zenbait tokitan zanpatzailea den diglosiari aurre egin ahal izateko; Euskararen Herrian euskarak oraindik ez baitu behar bezalako presentziarik ez estatusik, jendeak euskararik ez dakielako, zilegitasun osoz batzuek, baina ezintasun materialagatik besteek esparru publikotik sustatzen ez delako. Eta zenbait kasutan, Nafarroa adibide itzela, oztopoak ere jartzen zaizkiolako.
Aurtengo leloa “Hitzekin Ekin” da, hizkuntza bera delako bere biziraupenerako eta hedapenerako palanka. Horregatik dakigunon erantzukizuna da hura bizirik mantentzea, ofizialtasuna edo finantzaketa edo bultzada publikoa eskatzea guztiona, euskaldun zein erdaldunena delarik ere. Bihar Iruñerrian, zangoekin edo hitzekin, Ekin KORRIKAri.