Duela urte askotatik hona Europak bizi duen errefuxiatu krisiari denbora luzez entzungorrarena egiten egon ondoren, mendebaldeko zenbait komunikabide Ukraina aldera begira jarri dira, aitortuz Poloniara doazen milaka ukrainarren kasua ezberdina dela, hauek ez baitira siriarrak, “Netflix eta Instagram erabiltzen duten begi urdindun hileoriak” baizik. Ez da txantxa. Honelako arrazakeria esplizitua erabili dute Amerikako Estatu Batuetako NBC telebista katean, errefuxiatuen harrerari dagokionez Poloniaren jarrera aldaketa azaltzeko.
“Hauek ez dira Siriako errefuxiatuak bezalakoak. Hauek kristauak, zuriak, Polonian bizi den jendearen oso antzeko jendea da” dio lotsatu gabe kazetari estatubatuarrak.
“Hau ez da hirugarren munduko nazio bat. Hau Europa da” entzun ahal izan dugu beste telebista kate batean.
The Telegraph kazeta britainiarrak hala zioen: “Hain gara antzekoak. Horrek egiten du hain hunkigarria. Ukraina Europako herrialde bat da. Gerrak jada ez ditu urrutiko herrialde txiroak bakarrik kolpatzen”.
Adibide moduan bakarrik hauek aipatuko ditut. Baina beste asko daude. Eta denek uzten dute agerian gerrako biktima batzuei beste batzuei baino garrantzia handiagoa ematen zaiela mendebaldetik. Eta horrek mendebaldeko gizarte hutsal honen arrazakeria estrukturala baino ez du erakusten.