Makroabeltegiak ez direla existitzen dio orain PPk Gaztela eta Leoneko hauteskundeen aurrekanpaina betean. Ez naiz arituko orain aldeko eta aurkako iritzien kritika egiten, denok ondo aski baitakigu makroabeltegiek dakarten eragin sozial ezkorra, tokiko landa eremuetako ekonomiari egiten dion mina eta ingurumenarengan duen talka. Ez naiz horri buruz arituko. Aitzakia besterik ez da. Aitzakia, ilustratzeko nolatan duela hilabete eskas arte nonahi, udaletan, diputazioetan, erkidegoetako parlamentuetan eta Diputatuen Kongresuan makroabeltegien aurka agertzen zen alderdi batek orain, interes alderdikoi huts eta lotsagabearekin aurkakoa dioen. Nola erabiltzen duen gezurra herritarren aurrean arerio politikoa erasotzeko. Nola jardun publikoan denon diruarekin ordaindurik dabiltzanak gezurra darabilten, haien interesen alde egiteaz gain, interes publikoaren aurka egitera iritsiz ere. Maya alkatearen MENA-kin beste horrenbeste.
Aitzakia honen harira tamalez frogatzen jarraitzen da zertan bihurtu den Estatuko politikagintza. Astero astero ditugu inora ez garamatzaten polemika faltsuak, gezur borobil borobilak tribunan, egunkari, irrati eta telebista esatariak gezur horien bozgorailu eginez eta tamalgarriagoa dena, ehunka mila boto emaile edozein gezur mota irenstearekin inolako kezka ez ardurarik ez dutenak.
Benetan diot beldur naizela politikari batek aurpegira gezurra esan ahal dion gizarte gogoetagabe honekin.