Egunotan Madrilen negoziatzen ari diren Oroimenaren Legea dela eta, aldiro itzultzen den kontu bat plazaratu da: espainiar establishmentaren ezinbesteko herentzia frankista. Espainian ez dago erregimen frankista auziperatzeko modurik eta beti dute establishmenteko alderdiek, berdin dio PSOE edo PP izan, gure iragan hurbila ezkutatzen jarraitzeko aitzakiaren bat.
Ohikoena 77ko Amnistia Legea da, horrekin frankismoko buruzagi eta krimenen egile materialak edozein erantzukizunetik libratuz.
Berdin dio Gizadiaren Aurkako Krimenak preskribaezinak izatea; malabarismo legalak egiten dituzte bai ala bai bere horretan jarraitzeko. Berdin dio Garzón epaileak bere garaian frankismoaren krimenak ikertzen saiatu izana; denbora gutxi behar izan zuten epailea salatu eta kargugabetzeko. Berdin dio Argentinan esperientzia arrakastatsu baten ispilua edukitzea; agintariek bizkarra ematen baitiote ispilu horri. Badaezpada, diot nik.
Frankismoaren zein PPko buruzagi izandako batek esandako moduan, “Spain is different!”, eta zantzua dut hala izaten jarraituko duela justizia eta egia nahi eta behar dutenen zoritxarrerako.