Data hauetan ohikoa da datorren urteko planifikazio ekonomikora begira zergen erreforma agintarien ahotan egotea. Ez dezagun ahaztu horrek gastuaren aurrekontuan ere islada argia duela eta aurtengoan harribitxi moduan erakusten ari dutela datorren urteko aurrekontua, Nafarroak inoiz izan duen handiena harro agertuz.
Orain, inor ez dadila despistatu eta jakin dezala aurrekontu bat diru-sarreren aurreikuspen batek babestu behar duela atzetik eta Nafarroak inoiz izan duen aurrekontu altuena den honek berez ez duela diru-sarreren gorakada berezirik atzean, susperraldirako Europako funtsen mailegua eta zorpetze mugaren malgutzea baizik. Hau da, guk geuk dirua lortzeko dugun gaitasun propioarekin, urak bere onera itzuliko diren unean eta zorpetze muga bere horretara itzuliko denean edukiko dugun tresna bakarrarekin, hau da, gure foru zerga sistemarekin, ez da inor ahobetean harro ibiliko aurrekontuak gora egiten duela, zergek bere horretan eta beherako bidean badiraute.
Zergak gizarte oreka lortzeko tresna baliotsuegia dira, betiko moduan haiekin politika alderdikoia eta gezurtia egiteko. Europako diruak edo zorrak txundituta zergak behera bidean jartzen baditugu, solitarioan tranpetan ariko gara.