Pasa den astean mezu bat jaso nuen Whatsapp bidez. Lagun batek Whatsapp taldeko kideoi iragartzen zigun hurrengo astetik aurrera mezularitza aplikazioa erabiltzeari utziko ziola eta berarekin harremanetan jartzekotan prºoba genezagula beste moduren batean. Arrazoia; whatsappen pribatutasun politiketan iragarritako aldaketa.
Antza denez Whatsappek ba omen daki zure aparailua zehazki zein den, zein beste aplikazio dituzun instalaturik mugikorrean eta horiek noiz eta nola erabiltzen dituzun, zer dei egiten dituzun telefono zenbaki horretatik eta nori, edo zure kokalekua zein den, GPS baimenik eman gabe ere IP helbidearekin edo deien aurrezenbakiekin lor baitezake aplikazioak. Eta hori guztia guk denok onartu omen dugu inork irakurtzen ez dugun hizki txikidun kontratuari OK ematen diogunean.
Hemendik aurrera, jasotako datu horiek Facebook sare sozialarekin elkarbanatuko dituela iragarri du mezularitza aplikazioak.
Ez dugu pribatutasunzale amorratu izan behar jakiteko Facebook eta pribatutasuna bata bestearen antitesia direla. Laguna pribatutasunzale amorratua denez arraroa baina ulergarria iruditu zaigu bere erabakia, baina ni neu ere, artikulutxo hau idazterakoan ikertu dudanarekin, planteatzekotan nabil nori ematen dizkiodan nire datuak. Baina bereziki galdetuko nioke nire buruari, zertarako eta zergatik?