Enegarrenez deitu dituzte hauteskundeak berriro Katalunian eta enegarrenez, azkenaldian ohitura den moduz, begi bat auzitegietan jarrita hasi dira. Horiek deitzeko arrazoien artean ere auzitegiek izandako ardura gogorarazi behar da Torra presidentaren gaitasungabetzearekin. Horien data zehatza ere, gaurko egunez, oraindik airean dago Auzitegiek zer erabaki zain. Eta espetxetik hirugarren graduarekin irten berri diren procéseko auziperatuak Gorenak azkenean hala baimenduta egin dute.
Geroz eta nabariagoa egiten da Kataluniako laborategi politikoan bizitza publikoak jasaten duen judizializazio maila, erabaki politikoek auzitegiekiko duten menpekotasuna, zenbait epailek irizpide politiko jakinekiko duten menpekotasun disimulatu gabea eta independentzia judizialaren arrasto eza. Haien izendapenerako sistemak berak ere alderdi handi jakinen txotxongilo bihurtzen dituztela agerikoa da.
Bere garaian jarraitzen nituen hauteskundeak, ezagutzen nituen aurkezten ziren politikariak. Orain, ez jakitearren, ez dakizkit jada aurkezten diren alderdien izenak ere. Agian aspertu naiz, agian niri bakarrik gertatzen zait, baina gehiago entzuten ditut zenbait epaileren izen-abizenak hainbat alderdietako buruzagienak baino.